Konpromisoa ekonomia zirkularrarekin eta produktuen bizi zikloa luzatzearekin

Fagor Automationek konpromisoa du Ekonomia Zirkularrarekin. Eta horren erakusle da urteak direla gure politiketan ekoizten ditugun produktuen bizi zikloa luzatzeko neurriak sartzen ditugula.

Europar Batasunaren apustua irmoa da, Ekonomia Zirkularraren Ekintza Plan berrian oinarrituta (CEAP). Horixe da Europako Itun Berdearen (European Green Deal) zutabe nagusietako bat, hazkunde jasangarrirako Europako agenda berria.

CEAPek produktuen bizi ziklo osoa hartzen duten ekimenak sustatzen ditu, produktuak konpontzeko eta bizitza baliagarria luzatzeko eskubidea berreskuratzen saiatuz.

Motorlan: konponketa eta mantentzea

Ekimen horien beharra presente dago Fagor Automationen, eta, duela urte batzuetatik, zenbait neurri aplikatzen dira Ekonomia Zirkularrarekin bat etorriz:

  • Motorlan Konponketa Zentroak mota guztietako motor elektrikoak konpontzen eta mantentzen ditu, baita horien erregulazio elektronikoa ere. Motorrak mantendu edo konpontzeko garaian, kontsumoa efizientea izatea hartzen da kontuan. Jasangarritasunari arreta berezia jartzen zaio, eta horrelako motorrak berregokitzearen alde egiten du.
  • Fagor Automationek lagundu egiten die erabiltzaileei haien makinen bizitza luzatzen, makina-erremintaren retrofita sustatuz, hau da, zaharkituta geratu den makina eguneratuz edo modernizatuz. Retrofitari esker, CNC eta eragingailu sistema osoa berritu daiteke makinaren mekanika mantentzen den bitartean, eta makina ia berri bat lortzen da kostu txikiagoan.
  • Makinak muntatzeko eta biltegiratzeko denborek azken erabiltzaileari iristen zaion berme denbora murriztu edo zigortu ez dezaten, Fagor Automationek fabrikatzaileei hiru urteko bermea eskaintzen die de facto. Gainera, ordezko piezen eskuragarritasuna 10 urte edo gehiago mantentzen du.
  • Ekoizpen jarduerak ingurumen eragin oso txikia duen arren, Fagor Automationek ingurumen inpaktua are gehiago murrizten duten soluzioak eskaintzeko lan egiten du:
    • Beruna eta beste substantzia arriskutsu batzuk ezabatzea lortu da, Europako RoHS zuzentarauari jarraituz materialen %99tan baino gehiagotan.
    • Lehengaiak eta merkaturatutako produktuak homologatzeko prozesuaren parte gisa, hornitzaileak RoHS ziurtagiria edukitzea eskatzen da.

Jasangarritasun handiagora bideratutako neurri horiek berresten dute Fagor Automationek Printzipio Kooperatiboei jarraitzen diela, horiek baitira enpresa sostengatzen duten balioak eta bere nortasunaren ezaugarrietako batzuk. Eta, eraldaketa sozialeko eragile gisa, Fagor Automationek garapen solidario eta jasangarrirako konpromisoa du.