Eguzki-panelak jarri ditu Fagor Automationek, energia berriztagarrien aldeko apustuan

Fagor Automationek plaka fotovoltaikoak ezarri ditu Eskoriatzako (Gipuzkoa) lantegiaren teilatuan, trantsizio energetikorantz urratsak ematen jarraitzeko, Fagor Taldearen iraunkortasun planaren baitan. 

Andoni Larrañaga, Fagor Automationeko lehendakariaren hitzetan, “energia berriztagarrien eta trantsizio energetikoaren aldeko apustu irmoa egin zuen Fagor Taldeak 2021ean Fagor 2030 iraunkortasun estrategia onartzean, eta Fagor Automationen guri dagozkigun urratsak egiteko konpromiso sendoa erakutsi dugu uneoro. Horren adibide dira Eskoriatzako lantegian jarri berri ditugun 270 plaka fotovoltaikoak.”

Fagor Automationeko ekoizpen instalazio berriaren potentzia nominala 100kw-koa da eta autokontsumorako izango da. Horri esker, Eskoriatzako lantegian kontsumitzen den energiaren %6,33a plaka fotovoltaiko berri hauetan sortutakoarekin konpentsatuko da. Urtean guztira 138.820 kwh sortu ditzake instalazio berriak, eta Fagor Automationek 2019an, esaterako, 2.191.389 kwh kontsumitu zituen orotara.

Hainbat dira autokontsumorako energia sorkuntzaren abantailak, nagusienak izanik faktura elektrikoaren eta merkatu prezioekiko dependentziaren murriztea eta enpresaren karbono aztarnaren murrizketa.

Jasangarritasuna, oinarrizko balio Fagor Automationen

Larrañagak azpimarratu du Fagor Automationek “oinarrizko baliotzat” duela jasangarritasuna eta Fagor Automationen erantzukizun sozial korporatiboaren “zutabe nagusienetakoa” dela jasangarritasunaren aldeko urratsak egitea kooperatibaren jardueretan; esaterako, Eskoriatzako eta Usurbilgo lantegietan ontziak berrerabili ahal izateko lehengaiak erabiltzen dira. Izan ere, “merkaturatzen ditugun soluzioen helburua da makina-erreminta eraginkorragoak sortzea, ekoizpen prozesuen ingurumen inpaktua murrizteko eta oro har lehengaien kontsumoa eta hondakinak gutxitzeko”.