Fabrikazio gehigarria, fabrikazioa teknologia berritzaileak

Industria Gehigarria laugarren iraultza industrialaren zatia da dagoeneko. Lehengaien prezioaren etengabeko igoerak eta gero eta egitura konplexuagoak egiteko premiak piezak modu “kengarrian” edo fresaketa bidez lortzeko aukerak bilatzera eraman dute.

Industria gehigarriaren lehen urratsetatik, Fagor Automationek, bere bezeroen premiei aurrea hartu, eta industria gehigarriaren abangoardian egoteko helburu estrategikoa ezarri dio bere buruari. Horretarako, bere I+G departamentuetan inbertsioak egin ditu eta zentro teknologikoekin eta enpresekin elkarlanean jardun du, bai aplikazio berezien garapenerako, bai prozesu honetan parte hartzen duten aldagaien kontrolerako (tenperaturak, material ekarpenak, abiadurak…). Horrek ahalbidetu digu CNC fabrikatzaile bakarrak izatea sektoreak munduan egiten duen azokarik garrantzitsuenean, hau da, Frankfurteko (Alemania) FORMNEXT azokan.

Garabidean dagoen industria bat denez, nolabaiteko kezka dago merkatuak epe ertainera eskatuko dituen makina modelo edo moten gainean, nahiz eta konpainia ezagun asko makina “hibridoen” alde egiten hasi diren, hainbat teknologia erabiliz (LMD, SLM, WAAM,…). Horregatik guztiagatik, Fagor Automationek CNC sistemetan duen esperientziak, material ebaketarako eta material erauzketarako fabrikazioen barruan, eta fabrikazio gehigarrirako eskaintzen dituen prestazioek gu sektore honetan aliantzarik egokiena izatea egiten dute.

Fagorren CNC 8065erako Fabrikazio Gehigarriko packa da merkatuko sistemarik irekiena, eta fabrikazio prozesua zentzuz kontrolatzen eta optimizatzen uzten du. Fagorren CNCak erraz konfiguratu daitezke ataza askoko makinetarako, esaterako industriako makina gehigarri gehienetarako. Teknologia gehigarriaren abantaila guztiak gorabehera, piezen gainazalaren kalitatea ez da oraindik egokiena, eta hori dela-eta kasu askotan makina horiek fresaketarako teknologiak eduki behar dituzte. Prozesu gehigarria bukatu ondoren, pieza bikain bat lortzeko, Fagorren CNCak piezaren akabera egingo du abiadura handiz mekanizatzeko dituen algoritmoak eta 5 ardatz jarraituak erabiliz.

Fagorren Pack Gehigarrian inplementatutako funtzionaltasun ugarien artean, azpimarratzekoak dira sistema irekia eta prozesu anitzeko euskarria; fabrikazio prozesuko aldagaien kudeaketarako taula teknologikoak; laserraren potentziaren kontrola (analogikoa edo PWM); eta begizta itxiko prozesuaren kontrola.

Datozen urteetan, teknologia biak, hau da, teknologia kengarria eta teknologia gehigarria, batera egongo dira, kasu askotan osagarriak direlako, eta Fagor Automation prest egongo da horietako bakoitzerako edo bien konbinaziorako irtenbideak emateko.