Makina Erraminta, Dalian Machine Tool Group eta Ningbo Haitian enpresek Fagor Automation bisitatu dute

Azaroaren 28an, Fagor Automationen Eskoriatzako lantegian Txinako zenbait enpresetako ordezkariren bisita jaso zen: Ying Wang (Deputy Director) Ningbo Haitian Precision Machinery Co. Ltd enpresakoa eta Dalian Machine Tool Group enpresatik Huaisheng Jiang (azpi zuzendaria), Ma Qianli (General Manager) eta Guo Grant (Business Manager Europe). Andoitz Korta, Korta Group enpresa gipuzkoarreko ordezakariak ere bisitatu gintuen. Korta Group doitasun handiko boladun torlojuak fabrikatzen espezializatuta dago eta urte asko daramatza Makina–Erremintaren munduko fabrikatzaileak ekipatzen.

Bisita hau Eusko Jaurlaritzako Industria, Berrikuntza, Komertzio eta Turismo Sailak sustatu zuen SPRIren bidez eta AFMren laguntzarekin. Azken hauek, Makina-Erremintari buruzko jardunaldiak antolatu zituzten eta jardunaldi horietan enpresa txinatar garrantzitsu hauek egon ziren.

Makina-Erremintaren sektorea Txinako sektore gakoetako bat da eta baita hazkunde handienetakoa duena ere. 2010 urtean Txinaren urteko kontsumoa 28.480 miloi dolarretakoa izan zen eta urte arteko hazkundea %43koa. Txinako kontsumoak Amerikako Estatu Batuetakoa, Japoniakoa eta Alemaniakoa gainditzen ditu.

Munduan kontsumitzen diren 10 Makina-Erremintetatik 5, Txinan kontsumitzen dira.

Enpresa horietako zuzendariek interes handia erakutsi zuten kaptazio lantegiko kristalaren grabaketan eta horrek, kodetzaile lineal eta angeluarren doitasunean duen eraginean. Era berean, Fagor Automation mundu mailan 60 metroak gainditzen dituen kodetzaile linealak eta 40 metro baino gehiago kodetzaile lineal absolutoak eskaintzen dituen bakarra izateak harreta piztu zuen bisitariengan. Ildo berean, Fagor Automationek Makina-Erreminta sektorean soluzio globalak eskaintzeko duen gaitasuna sustatu zen zenbakizko kontroletan, erregulazio-motorretan eta kaptazioan duen gama zabalarekin.

Miren Saiz, kristalaren lantegiko fabrikazio arduraduna, izan zen bisita gidatu zuena eta Fagor Automationeko Iñaki Bañuelos eta Asier Lopez, salmenta buruak ere egon ziren zuzendari hauen bisitan.