QUERCUS: Makinen Kontrolerako sistema automatizatu berria, malgua eta trinkoa

Industriako fabrikazioaren sektorea etengabe ari da aldatzen eta soluzio teknologikoki aurreratuak, malguak eta pertsonalizatuak eskatzen ditu, produktibitatea handitu ahal izateko baina doitasuna galdu gabe eta kalitate goreneko emaitzak bermatuta.

Testuinguru horretan, Fagor Automation konpainiak CNCen automatizaziorako QUERCUS sistema garatu du. Soluzio integral bat da, zeinak zenbakizko kontrola ez ezik erregulazio moduluak, elikadura iturriak, komunikazio busak, ardatzen eta buruen motorrak eta full kaptazio digitaleko sistemak ere hartzen baititu bere baitan.

Garapena makina-erreminten EMO azokaren hurrengo edizioan aurkeztuko da, Alemaniako Hannover hirian, eta doitasun eskakizunik zorrotzenei erantzuteko eta fabrikazio prozesuen efizientzia areagotzeko sortu da.

Prestazio handiko makinei zuzenduta dago, hala nola fresatzeko makina, torno edo laser makinei, baina azken belaunaldiko ekipoetarako ere bada, esaterako, fabrikazio aditiboko soluzioetarako edo informatikaren, komunikazioen eta 3C izenez ezagutzen den kontsumoko elektronikaren industriarako (computer, communication and consumer electronic).

“QUERCUSekin berritu eta eguneratu dugu CNCak automatizatzeko dugun sistema osoa; zenbakizko kontrola lehena izan da, zeina kontrol algoritmo hobetuekin eta hardware trinkoago batekin berritu baita. Horrez gain, arreta berezia egin zaio erregulazioari eta elikadura iturriei erabat birdiseinatutako potentziako eta kontrol zirkuituen bitartez, osagai elektronikorik aurreratuenak baitituzte efizientzia globala handitzeko”, ziurtatu du Fagor Automationeko CNC-ko buru komertzial orokorra, Asier Lopezek.

Soluzioak arreta berezia eskaintzen dio hainbat alderdiri, esaterako, hirugarrenen aplikazioak integratzeko erraztasunari, malgutasunari eta pertsonalizazioari.

Garapenak abantaila garrantzitsuak eskaintzen dizkie makina-erreminten fabrikatzaileei, izan ere, muntatzen askoz errazagoa da eta bere modulu guztiek okupatzen duten lekua askoz txikiagoa da. Eta, nola ez, azken erabiltzaileentzat ere baditu onurak, HMI berritu bat baitu, pantaila eguneratuekin, intituitiboagoak eta erabiltzen errazagoak diren pantailekin.

“Gure soluzioak egungo merkatuaren eskakizun guztiak ditu, eta etorkizuneko erronkei erantzuteko ere prest dago, etengabe aldatzen ari den testuinguru honetan, non makina-erreminten fabrikatzaileek eta erabiltzaileek abangoardia teknologikoan egon behar baitute nahitaez. Sistema honek aurrera egiten eta beren lehiaketa handitzen lagunduko die gure bezeroei”, gehitu du Fagor Automationeko CNC negozioko Marketin arduradun Eva Gayubok.

Prestazio berriak, etorkizuneko industriari begira

QUERCUS sistemak erabat birdiseinatutako hardware bat dauka, eta azken teknologiarekin egindako zirkuitu berriak. Horri guztiari esker, armairu elektrikoan leku gutxiago erabili dezakegu eta, beraz, makinen tamaina eta azken kostua murriztu ere bai.

“Erabat berritu ditugu gure CNCak hardware plataforma guztiz trinko bat sortuta, zeina %45 inguru txikiagoa baita CNC integratuen kasuan eta %60 txikiagoa modularren kasuan”, zehaztu du Gayubok.

Gainera, QUERCUSen CPUak prozesamendu abiadura handiagokoak dira eta memoria ahalmen handiagokoak, kontrol algoritmo hobetu eta indartsuago batzuei erantzuteko.

Bai erregulazioa, bai elikadura iturriak birdiseinatu dira punta-puntako teknologia duten osagai elektronikoak erabiliz, potentziako zirkuitu berrietan eta kontrol elektronikan lekua aurrezteko helburuarekin.

Era berean, sistemak bus berri bat dauka CNCren eta erregulazio moduluen arteko komunikaziorako. Sercos III izena dauka, eta Ethernet Industrialeko teknologian oinarrituta dago, zeinarekin abiadura biderkatu daitekeen 100 MBd-ko abiadurara iritsi arte eta horrela ardatzen abiadura begiztaren denbora murriztu. Sistema osoaren konfigurazioa automatikoagoa da eta CNCak modu autonomoan konektatuta dauden moduluak identifikatzen ditu.

“Komunikazio azkarragoa daukanez, CNCak makinaren ardatz guztietatik datorren informazio gehiago jaso eta kudeatu dezake; horrek, berriz, informazioaren kudeaketarako eredu zentralizatuago batera igarotzen uzten digu, eta ezaugarri horrekin gure bezeroei 4.0 industriarako eraldaketa digitalaren prozesuan lagunduko dieten garapen berrietarako ateak irekitzen zaizkigu”, azpimarratu du adituak.

QUERCUSek denbora errealeko serieko komunikazio protokoloetarako prestatuta dauden kaptazio sarrerak ditu, eta horrek egiten du soluzioa erabat digitala izatea.

Sistema eragiketa lanak errazteko pentsatu da, beraz, web teknologian oinarritutako HMI bat dauka, zeina erraza baita programatzen eta beste plataforma batzuetara eramaten. HMI horrek, halaber, birdiseinatutako pantaila intuitiboagoak eta sinplifikatuagoak ditu.

Garapena, halaber, erabat malgua da kontrol postua diseinatzerako orduan. “Normalean, fabrikatzaile bakoitzak makina modelo bat baino gehiago dauka, hainbat prestazio mailarekin, eta horrek agian CNC modelo desberdinak edukitzea eskatu dezake. Gure soluzioak unitate nagusi bat dauka eta unitate hori CNCen familia guztiarekin bateragarria da; beraz, kontrol mahaiaren diseinu berbera erabili daiteke makina mota desberdinetan, nahiz eta CNCaren modeloa aldatu”, arrazoitu du Asier Lopezek.

EMO azoka aurtengo irailaren 16tik 21era bitartean egingo da, Alemaniako Hannover hirian, eta makina-erreminten eta industriako fabrikazioaren sektorerako nazioartean egiten den azokarik nabarmenetako bat dela jotzen da.

 

Leave a Reply

Your email address will not be published. Required fields are marked *